|
|
- Zazpi urte joan dira Estatu espainolak Euskal Herriaren aurkako beste pauso errepresibo bat gehiago eman eta hainbat erakunde eta komunikabideren aurkako erasoak hasi zituela. Euskal jendartean jada aski ezagunak dira Auzitegi Nazionalean irekita dauden 18/98 eta honen ondotik etorritako gainontzeko makrosumarioek izan dituzten ondorio larriak, 200 pertsonatik gorako auzipetze, atxilotze edota kartzelaratzeekin; hamaika erakunde eta komunikabideen kriminalizazio eta ilegalizazioekin; hainbat tortura salaketekin... Urte honetan zehar eraso bidegabe honen bigarren faseari ekingo diote, makrosumario hauen guztien epaiketei hasiera emanez.
- 18/01 makrosumarioa Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeen aurka egindakoa da. 2001eko martxoan abian jarri zutenetik 42 gazte izan dira auzipetuak, gehien-gehienak kartzelaratuak eta hiru gazte erakunde ilegalizatuak. Gezurretan eta irregulartasun juridikoetan oinarritutako sumarioa da: "dena ETA da" tesia aplikatzen dute probarik gabe, ez da jokabide deliktiborik zehazten eta akusazio bakarra goian aipatutako hiru erakunde horien kidea izatea da. Orain Auzitegi Nazionalak prozedura azkartu nahi du, inolako berme juridikorik gabe, arrazoi argi batengatik: martxoan oraindik kalrtzelan mantentzen dituzten bederatzi gazte behin behineko espetxealdiaren legezko mugara iritsiko baitira martxoan eta aske utzi beharko lituzkete aurretik epairik ezean. Behin-behineko espetxealdi honen gehiegizko erabileraren ondorioz, beste hamabost gaztek hiru urte beteko dituzte kartzelan. Fiskalak zigor eskaera egin berri du eta 654 urteko espetxealdia eskatu du 42 gazterentzat.
- 654 urteko espetxe zigorra Jarrai, Haika eta Segiko inputatuontzat Euskal Herriaren alde lan egiteagatik. Euskal gazteriaren defentsan agertzeagatik eta bere eskubideak nonahi defendatzeagatik. Erabat zilegia den gure proiektu politikoaren alde borroka egiteagatik. 654 urteko espetxe zigorra ezarri nahi digute antolatu eta borrokatzeko eskubidea praktikara eramateagatik, aro modernoan eskubide zibil eta politikoen aurka ezagutu den erasorik larrienean.
- 654 urteko espetxe zigorra ezarri nahi zaio euskal gazteriari. Gazteontzako bizibaldintza duinen alde lan egiteagatik, gazteontzako espazio autogestionatuak defendatzeagatik, bizi eredu askatzaileen alde agertzeagatik, ejerzitoari intsumisioa eginagatik, kulturgile gazteen lana bultzatzeagatik. 654 urte gazteen ametsak, desirak, nahiak eta ilusioak antolatu eta bide emateagatik.
- Euskal Herri osoaren aurkako eraso baten aurrean aurkitzen gara. Aske nahi duen euskal gazteria osoa da eraso honen jopuntuan dagoena. Azken finean, parte hartze politikorako eskubidea, adierazpen eta iritzi askatasuna, elkartze eta antolatze eskubidea eta askatasun ideologikoa zigortu nahi dituzte eta horrek gazte, eta orohar, herritar guztiongan eragina dauka. Beraz, guztioi dagokigu erantzuna ematea, Euskal Herriak eraso hau gelditu behar du. Orain, euskal gazteriaren defentsan ateratzeko unea da.
|
|